Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak aste honen hasiran bertan jarri dute martxan gripearen eta covidaren aurkako txertaketa kanpaina, 60 urtetik gorakoei, sei hilabete eta bost urte arteko haurrei, haurdun dauden emakumeei eta gaitz horiek harrapatuz gero osasun arazoak izateko arrisku handiena duten pertsonei zuzenduta.
Kanpaina berriaren leloa 'Zu zara funtsezko pieza gripea saihesteko. Jarri txertoa' da.
Xehetasunak aipatzearren, gizarte zerbituetako eta osasungintzako profesionalak, pertsona zaurgarrien zaintzaileak eta pertsona zaurgarriekin bizi direnak, eta bestelako langileak dira kanpainaren onuradunak, hala nola haurtzaindegietako eta haur hezkuntzako ikastetxeetako langileak, animaliekiko zuzeneko esposizioa duten pertsonak (abeletxeak, albaitariak eta abar) eta funtsezko zerbitzu publikoak (segurtasun indarrak, suhiltzaileak).
Gainera, aurten ere, Osakidetzak haurren txertaketan jarri nahi izan du arreta, beren osasunean izan ditzaketen konplikazioengatik eta gaixotasuna beste pertsona batzuei transmititzeko gaitasuna duen biztanleria delako, bereziki adinekoei.
Hori dela eta, duela hiru urtetik, Osakidetzak sistematikoki jartzen die txertoa sei hilabete eta bost urte arteko haurrei (59 hilabete), bai eta arrisku egoeraren bat duten bost urtetik gorakoei ere. Atxikimendua errazteko eta txertaketaren molestiak saihesteko, aurten ere sudur bidezko txertoa emango da bi eta bost urte arteko haurren artean.
Gripearen aurkako txertoa bronkilitis akutuaren txertoarekin batzen da. Azken hori duela urte batzuetatik hona biztanle txikienei ematen zaie; zehazki, jaioberriei (aurten uztailaren 1etik aurrera jaio direnei), goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten bi urtetik beherakoei, birus horren konplikazioetatik babesteko. Irailaren 15ean txertaketa abiarazi zenetik 1.500 dosi inguru eman dira jada.