GALBAHEA izena jarri dio Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) idazleak bere hirugarren poesia liburuari. Gogoetetatik abiatuta, hasieratik argi zuen testu guztiak zipriztinduko zituen kontzeptu nagusia hasi eta buka zein izango zen; halaber, oraingoan, belaunaldikideei atzera begirako hausnarketa egin eta galbahea pasatzeko proposamena luzatu nahi izan die. Ez dio poesia idazteari inoiz utzi, baina aurreko bi poema liburuetatik ia bi hamarkada igarota, azken urteotan idatzitakoak lirikotasun gutxiagorekin idazteko ahalegina egin duela adierazi du. Liburuko poema batzuk hartu eta musikatuta zuzeneko emanaldia aurkeztuko dute hilaren 25ean Zarauzko Literaturia jaialdian.
Hirugarren poema liburua duzu. Hogei urte igaro dira lehenengoa argitaratu zenuenetik eta hamazazpi bigarrengotik. Aldatu da zure idazketa modua?
Iruditzen zait ezin dizkiogula utzi eskuin erreakzionarioari eta turbokapitalismoan dabiltzanei kontzeptu unibertsalak bere egiten. Hainbestetan erabiltzen dituzte sorrerako esanahitik oso aparte beraien mesedera, eta ahalegina egin behar dugu berreskuratzeko hitz horien jatorrizko esanahia. Nabari dut nire belaunaldiko sortzaile asko uzkurrak garela halako terminoak sartzeko gure obretan, narriatuta daudela iruditzen zaigu, eta egun, hitz batzuen erabilerak pertsonen bizitzak arriskuan jartzen ari dira. Denon askatasunaren izenean, adibidez, migratzaileak bota nahi dituzte eta askatasunaren izenean hiltzen dira pila bat gaur egun Gazan ere. Bestalde, aurrezki kutxa bati ezin zaio utzi iraultza hitza bereganatzen, edo ezin dezakegu esan autokarabana bat izatea askatasuna izatea dela. Nahita sartu nahi izan ditut halako hitzak, eta gauza agerikoagoak esateak eskatu dit beste era batera idaztea, lehen erabiltzen nuen lirikotasun hori gutxitzea. Galbaheak lohia kentzen du, garbitu, alea geratuz. Ahalegina egin dut bizi dugun egoeraz hitz egiteko lohia kenduta.
Garrantzi gehiago eman diozu esandakoa nabarmentzeari formari baino?
Oraingoan agian bai. Poesia estetika da. Forma. Esanahia beti izan behar duzu, baina garrantzitsuena esanahi hori estetikoki erakusteko modua da. Liburu honetan poemek ez dute izenbururik, hari bat dago, liburua hasi eta buka poema bat bestearen atzetik irakurtzeko idatzita daude. Bat izango balitz bezala egitea zen asmoa, egitura horrek asko bideratu du idazketa.
Erreferentziarik izan duzu?
Garrantzitsua da kontziente izatea zer dabiltzan kasu honetan euskal kulturako beste sortzaile batzuk esaten eta zelan dabiltzan esaten. Horrek laguntzen dit zein gizartetan bizi garen irakurketa egiteko. Beste era batera idazteko ariketa egin nahi nuen, beraien osagarri izango dena estetikoki. Hots, idazleak lapur handiak gara eta nire belaunaldikoek idatzi dituzten liburuek, sortu dituzten kantuek, antzerkiek, zirikatzen naute pertsonalki. Horiek hartu ditut aintzat eta eragin dizkidaten gogoeta eta sentipenak bertan sartu ditut. Liburuan dauden ahots asko nik idatzi ditut baina ez dira nire iritzi eta sentimenduak, irakurritakoak eta inguruan entzundakoak dira. Hala, esker onak emateko baliatu dut.
Memoria ariketa bat da?
Batez ere aurrera egiteko ariketa . Nire belaunaldikoekin elkarrizketa bat sortu nahi izan dut elkarrekin hausnartzeko nondik gatozen eta nor eta zergatik garen. Bereziki hamarkada politiko oso bortitz batzuetatik etorri garela kontuan izanik eta galbahea kontzeptuari erreferentzia eginez, honaino iristeko zer utzi dugun albora eta zerekin geratu garen. Maila pertsonalean ere azkeneko hamarkadan bizitzaren abiadura ikaragarri hazi da eta horrek askotan perspektiba galarazten dizu, baina beharrezkoa da denok gelditu eta gogoeta egiteko ariketa egitea.
Amari, Begoña Arteagari, eskaini diozu liburua eta baita lehenenengo poema ere.
Liburua idazten ari nintzela hil zen ama, espero ez genuenean. Barrua inarrosi zidan eta horrek erabat baldintzatu dit gerora idazterako orduan; aldartea, batez ere. Baina testu gehienak idatzita nituen. 50 urteren ostean, bizitzan zer baztertu dudan nahita, zer utzi dudan albo batera eta zerekin gera-tzen naizen, zer den garrantzitsuena, baloratzeko ariketa egin dut liburu honekin, eta bizitzan izan dudan pertsonarik garrantzi-tsuena ama izan da, derrigor sartu behar nuen. Are gehiago, ariketa hori egin ostean konturatu naiz pentsatzen nuena baino askoz garrantzitsuagoa izan dela nire izateko moduan. Bizitza hain azkar bizi behar horretan ez zara konturatzen alboan dituzunak zein garrantzitsuak diren eta txikikeriei neurria jarri behar zaiela.
Noizbait isildutakoak esan nahi izan dituzu?
Maila politikoan konfrontazio armatu oso bortitzeko sasoi batzuetan gauza batzuk ez genituen esan, gizarte bezala gauza asko isildu egin genituen eta gerora horiek norbere barruan lotu egiten dira, oihartzuna entzuten da askotan. Maila pertsonalean betidanik kezka handia izan dut elkarri zer esaten diogun eta zer ez. Momentuan esan beharrekoak esan ez izanak gure barruan irauten du.