Euskarazko kontsumoa indartzea, herriko merkataritza eta ostalaritza indartzen den bitartean, da Kaishop! kanpainaren edizio berriaren helburu nagusia, Euskararen Laguna Saltokien sarea promozionatzeaz gain. Aurten Euskara+0 km=kalitatea lelopean egingo den ekimen honekin bat egingo dute Getxoko eta Gernika-Lumoko udalek.

Azken urtean udalerrian 17 establezimendu edo enpresa gehitu dira Euskararen Laguna Saltokien sarera, guztira 269 izanik. Horiek euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute eta horregatik herritarrei bere egunerokotasunean euskara erabiltzera gonbidatzen diete. Une honetan, aipatutako kopurutik, 78 saltokietan ordutegi osoan eman dezakete arreta euskaraz eta 115ean hainbat ordutan. Guztira 711 langile inguru ari dira horietan eta horietatik % 44 euskaraz egin dezakete eta %16k ulertu egiten dute. Mota guztietako establezimenduak (ostalaritza, liburu-dendak, autoeskolak, elikadurakoak, eta abar) dira udal webgunean dagoen mapan ikus daitekeenez.

Kanpainaren jarduerak

Aurtengo berritasuna izango da udalerriko euskararen egoerari, merkataritzari eta ostalaritzari buruzko galderen kaleko inkesta. Kaishop! ibiltarian kalez kale ibiliko diren inkestatzaileei erantzuteagatik produktu bat jasoko dute parte hartzaileek eta amaieran sareko merkatariek emandako produktuez osatutako hamar sorten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Erantzuteaz gain, sare sozialetan kanpainaren irudia partekatzeagatik Kaishop!aren kamiseta ere lortuko dute. Inkestatzaileak hurrengo egunotan ibiliko dira udalerritik: maiatzaren 11n Areetatik, 18:00etatik 21:00etara; maiatzaren 18an, Algortatik, 18:00etatik 21:00etara; maiatzaren 23an, Algortatik, 19:00etatik 22:00etara; maiatzaren 24an, Bidezabaletik, 17:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 26an, Ibilaldian, 11:00etatik 14:00etara.    

Aurrekoetan bezala, ELS dendetan euskaraz eskatzen dutenentzat hainbat opari ere izango dirahorietariko batzuk, gainera, berriak, hau da, poltsak, kafea eramateko edalontziak, giltzak eramateko, mugikorreko eranskailuak eta diru-zorrotxoak, “euskaraz eskatzeak saria daukalako”. 

Euskaraz barra-barra

Azkenik, aldi berean, aurten, Eusko Jaurlaritzak uneoro zerbitzua euskaraz emateko ahalmena duten saltokiak identifikatzeko martxan jarritako Euskaraz barra-barra ekimena helduko da udalerrira. Une honetan ELS, Euskararen Laguna Saltokiko 78 establezimenduk dute ziurtagiria eta horrek esan nahi du barruan euskaraz lasai egin daitekeela. 

Ekimenaren barruan, aisia euskaraz gozatzeko, 17 logela ihes-gela mugikorrak gure udalerria bisitatuko du. 16 urtetik gorakoentzat da, eta maiatzaren 10etik 12ra Areetako Geltokia plazan izango da eta maiatzaren 17tik 19ra Algortako Geltokia plazan, 17:00etatik 21etara. Gehienez bost pertsona sartuko dira txanda bakoitzean, doakoa izango da eta erreserba euskarazbarrabarra.eus helbidean egin beharko dute interesatuek.