Pertsonen autonomia sustatzera zuzendutako proiektuak edota babesgabetasun, bazterketa, mendekotasun eta larrialdi egoerak prebenitu eta hartatzea helburu duten ekimen edota jarduerak sustatzeko, gizarte ekintzetara bideratutako laguntza deialdi berri bat zabaldu egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Deialdiaren onuradun dira, beraz, irabazi asmorik ez duten erakunde, elkarte eta fundazioak, baldin eta beren jarduna udalerrian betetzen duten edo antolatzen dituzten ekintzak zornotzarrei zuzenduta badaude. Horiez gain, deialdiaren onuradun dira, baita ere, noizean behin gizarte-ekimenak egiten dituzten taldeak ordezkatzen dituzten pertsona fisikoak (udalerrian erroldatuta badaude).

Finantzatuko diren proiektu edota ekimenei dagokienez, lehentasuna izango dute belaunaldi eta gaitasun desberdinen arteko berdintasuna, kulturartekotasuna eta elkartasuna sustatzen dutenak. Erakunde bakoitzak proiektu bakar baterako eskatu ahal izango du laguntza, eta dirulaguntzak honako alderdi hauek hartu ahal izango ditu bere gain: deialdiaren xedearekin lotutako jarduerak, azterlanak eta ikerketak (udalerriko gizarte-errealitateari eta/edo herritarren gizarte-premiei buruzkoak), eta herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko proiektuak (Amorebieta-Etxanon garatzekoak).

Azpimarratzekoa da, beraz, udalerrian garatzen diren proiektuak baino ez direla finantzatuko. Guztira 30.000€ bideratu ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak deialdi honetara eta laguntzek proiektuaren %80ko kostua izango dute babes-muga.

Eskaera epea

Eskaerak maiatzaren 10a bitarte egin ahal izango dira Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez, aurrez aurre. Eskaera aurkezteko baldintzen artean, ezinbestekoa izango da proiektuaren deskribapen-memoria aurkeztea, gehienez ere 20 orrikoa.

Deialdi honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak gizarte-ongizatearekin eta komunitatean ekitatearekin duen konpromisoa berresten du, eragin sozial handia duten proiektuetan tokiko elkarte eta eragileen jarduna sustatuz.