Jon Etxebarria Zarandona eta Nerea Aburto González izan dira Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako Ipuin Laburren Lehiaketaren lehenengo edizioko irabazleak. Jon Etxebarriak 'Kontu zaharrak' izeneko lanarekin irabazi egin du 16 eta 22 urte bitarteko gazteen kategoria, eta Nerea Aburtok, aldiz, 23 urtetik gorako kategoria irabazi zuen 'Hil ezazu aita' izeneko ipuinarekin. Sariak atzo, apirilaren 23an, entregatu ziren, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aurten lehen aldiz antolatu den lehiaketa honek harrera ezin hobea izan du parte-hartzaileen artean, eta interes handia erakutsi dute euskaraz idazteko eta irakurtzeko.

Sariak Ainhoa Salterain alkateak eta Jon Artabe Euskara zinegotziak banatu zituzten eta bi irabazleek tokiko produktuen saskiak eta liburu sorta bat jaso zituzten. Horrez gain, ipuinak udal webgunean zein herriko hedabideetan argitaratuko dira.

Lehiaketaren helburu nagusia da zornotzarren artean euskararen erabilera sustatzea. Horri lotuta, epaimahaiak lanen kalitatea eta gai, estilo eta adin aldetik egon den aniztasuna azpimarratu ditu. Ipuin guztiek hasiera bera izan arren “Bete gabe nituen, artean, hamazortzi urte…”, guztiek eman diote jarraipen desberdina esaldiari, sormenari lekua emanez.

Etorkizuneko edizioetarako konpromisoa

Lehen edizio honen arrakasta eta zornotzarren erantzun ona kontuan hartuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak lehiaketa datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu du, Amorebieta-Etxanon literatur tradizio berri honi jarraipena emateko.