Amorebieta-Etxanoko Udalak 115.280 euro inguruko aurrekontua bideratu egin du orain dela hiru hilabete martxan jarritako Larrea eskola publikoko patioaren instalazioak berritzeko lanetarako. Bada, aste honetan lan horiek amaitutzat eman ditu Udalak, zeinak ingurune inklusiboago, naturalizatuago eta ikasleen garapen ludiko eta sortzailerako egokiago bat sortu duen.

Guztiontzako diseinatutako patioa

Proiektuaren bitartez haur guztiek jarduera ludikoetan modu inklusiboan eta hezkidetzan parte hartu ahal izateko espazioa sortu da, jolaserako eta mugimendurako aukerak handitzeko, kide izatearen sentimendua indartzeko, jarduera fisikoa sustatzeko eta ikasleen garapen emozionalari laguntzeko espazioa, alegia.

Berrikuntza eta natura

Landare-azalera 332 m² handitu da eta diseinu berriak eremu berde gehiago jasotzen ditu, azalera gogorrak arindu eta naturarekiko kontaktua hobetzeko. Trenbidetik gertu tamaina ertaineko zuhaitzak landatu dira, itzala eskaini eta, aldi berean, patioko mikroklima hobetzeko, ikasleen ongizate mentalari zein garapen kognitiboari mesede eginez.

Jolas- eta atseden-eremu berriak

Trebetasuna, oreka eta sormena sustatzen duten jolasak ere jarri dira patioan, horretarako material ekologikoak eta ingurunearekiko errespetuzkoak erabiliz. Instalazio berrien artean, eskailera eta txirristadun etxetxo bat, oreka-zutoinak, antzerki eta musikako txabola bat eta aulkiak dituen mahai bat nabarmentzen dira, irudimena eta interakzio soziala sustatzeko diseinatuak.

Gainera, dauden ur-iturriak kanporako irteerarekin lotzen dituzten ibilbide irisgarriak sortu dira, jolaserako eta esploraziorako ingurune segurua eta estimulagarria sustatuz. Mahai eta aulkiez hornitutako espazioak, halaber, jolasteko, atsedenerako edota sozializatzeko aukera eskaintzen du.

Hezkuntzarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa

Proiektu honen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak hezkuntza-azpiegiturak eta gazteen ongizatea hobetzeko duen konpromisoa berretsi du. Larrea eskola publikoaren patioa aire libreko hezkuntza-espazioaren eredu bihurtu da, non jolasak, ikaskuntzak eta naturarekiko kontaktuak bat egiten duten, eskola-komunitatearen mesedetan.